berria.info

 

Ostirala, 2018ko otsailak 16a.

 

Orvina eta Sestao, euskal ligako buruan berdinduta

 

 

XAKEA. Euskal Herriko xake ligako bost jardunaldi jokatu direla, ezusteko aurkari bat agertu zaie faboritoei: Orvina. Iruñeko taldea sailkapeneko buruan dago —iaz hirugarren bukatu zuen—, Sestao Bizkaialde iazko txapeldunarekin berdinduta. Gros beste hautagai handia hirugarren postuan dago, eta Donibane, Iruñeko taldea hori ere, laugarren da.

Gawain Jones, Sestao taldekoa.
Gawain Jones, Sestao taldekoa. BERRIA


Sestao Bizkaialdek eta Orvinak 16,5na puntu dituzte. 3,5 punturen aldea dute Grosekiko eta laurena Donibanerekiko. Sailkapena ulertzeko, garrantzitsua da laugarren jardunaldian Sestao eta Grosen arteko buruz burukoaren emaitza gogoratzea. Egun hartan, bizkaitarrek talde indartsua osatu, eta 3-1 irabazi zuten.

Sestaok, dena den, ez du liga erraza izan; esaterako, Batalla Irungo taldearen aurka 2,5-1,5 baino ez zuen irabazi. Gauzak hala, badirudi zazpigarren txandan argituko dela sailkapena, Orvinak eta Sestaok orduan jokatuko baitute elkarren aurka, otsailaren 24an —iaz bina egin zuten—. Lehia horretan ikusiko da nafarrek, harrobiko talde batekin, Sestaoren profesionalen aurka zerbait egin dezaketen ala ez. Hurrengo astean, dena den, Orvinak beste lehia zail bat izango du, Grosen aurka. 

Sailkapeneko beste muturrean, berriz, maila ez galtzeko borroka ere estua izango da. Calasanz Gasteizko taldea ondo dabil, eta, hamar punturekin, azken postuetatik urrundu da. Aldiz, azken lau sailkatuak: Leioako Altzaga, Arrasate-Arlutz, Santa Ana eta Abadiño puntu baten tartean daude. Lau talde horietatik bi jaitsiko dira Bigarren Mailara.



https://www.berria.eus/paperekoa/5001967/021/002/2018-02-16/orvina_eta_sestao_euskal_ligako_buruan_berdinduta.htm